XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal erromantzeak

Mendeetan atzera egin eta euskal literaturaren hastapenetara joko dugu oraingoan, herriaren memoriak gorde dituen lehenengo idazkietara, alegia: gero, ondorengo ikastunitateetan, hogeigarren mendera arte euskal idazleek egin zituzten lan aipagarrienak ikusiko ditugu arloz arlo.

Erromantzeei dagokienez, lehenengo kokatu egingo ditugu denboran eta espazioan. Bigarren atalean, zenbait poema irakurriko ditugu, eta ondoren, behin eta berriz, abestu: irakurketa aberatsagoa izan dadin, ariketa batzuk proposatuko zaizkizue. Azkenik, laburpena egiten saiatuko zarete.

1. Kokagunea

Euskarak duen herri-poesia edo erromantzeroa aberatsa eta anitza dela esan ohi da. Poesi mota honen baitan, ordea, bi atal nagusi bereizten dira:

- XV-XVI. mendeetako poesia: gertaera historikoei lotuta dago gudu kontuei, gehienetan, eta kutsu epiko nabarmena dute; honenbestez, trajikoak dira, eta tristeak gehienetan.

- XVII-XVIII. mendeetako poesia: lirikoagoak dira, hau da, pertsonen sentimenduei, batez ere maitasunari, garrantzi handiagoa ematen diete gertaerei baino. Poesi mota hau Iparraldean landu zen gehienbat.

Poema hauek guztiak anonimoak dira, eta kantatzeko eginak, soinuari esker heldu zaizkigularik guri ere, kritikoek diotenez; bestalde, Euskal Herriko poesiak beste herrietakoen maila baduela ere esaten digute kritikook.